martes, 20 de septiembre
UDAZKENA, SOLDADU EULIAREN SASOIA
Garai honetan oso ohikoa da soldadu euli deritzon intsektuaren beldarrak agertzea geure konpostagailuan. Nondik ote datoz bizidun hauek?

Soldadu eulia, benetan intsektu berezia dugu. Liztor beltz baten natza duen arren, euli bat da eta ez da arriskutsua inolaz ere. Euli emeak, konpostagailuaren tapa azpian arroz ale oso txikien antzeko arrautzak ipintzen ditu. Arrautza hauek, hasieran zuriak dira eta marroi kolorea hartzen dutenean, konpostagailu barrura erortzen dira.

Arrautza hauetatik beldar edo larba bat aterako da, itxura zapalarekin eta buru luze eta txikiarekin. Arrautzen antzera hau ere hasieran txuri kolorekoa da eta hazi heinean marroi kolorea hartzen du. Beldar hau konpostagailuko gainazaleko fruta eta barazki erdi deskonposatuak jateaz bizi da eta milaka ale elkartzen zaizkigu konpostagailuan urtero, belarri ipintzen badugu, beraien ahotxoen zarata nabari delarik.

Beldarra behin gizentzen denean, konpostagailutik kanpora eod konpostagailu azpira sartzen da eta hor egoten da pupa fasean hurrengo urteko uda amaiera arte, non, soldadu euli heldu moduan hegaldatzen den konpostagailu berri baten bila, bertan arrautzak ipintzeko. Jakin, heldu bezala egun gutxi irauten duela euli honek, eta ez duela ahorik, ez baita ezertaz elikatzen, soilik ugaltzeko sortu baita.

jueves, 28 de julio
Konpostagailuaren diseinua, alboko zuloak
Erabiltzaile askok galdetzen digute, muntatu diegun konpostagailuek albo guztiak zuloz josita edukitzearen arrazoiaz. Zulo hauek ez dira konpostagailua arinagoa izateko, konpostagailuko barne nahastea aireztatzeko baizik.

Konpostagailua aktiboki aireztatu behar den arren, bere kasa ere aireztatzen da, izan ere, barne nahastean sortzen den aire beroak (arinagoa izanik), gorantz joateko joera du eta konpostagailu gainetik irtetekoa. Aire bero honek utzi duen lekua betetzera, konpostagailutik kanpo dagoen airea sartzen da, lehen aipatutako alboko zulo hauetatik hain zuen ere. Irteten den aire beroak eta alboetatik datorren kanpo aireak eraginda, etengabeko aire korronte txiki bat sortzen da konpostagailuan zehar, barne nahastea zeharka aireztatuz.

Honek ez du esan nahi ordea, zeharkako aireztapen hau nahikoa denik aireztapenean, geure konpostagailua aktibo eta usainik gabe mantendu nahi badugu, ezinbestekoa dugu astean behineko aireztapen aktibo bat.

martes, 07 de junio
Konpostajearen 3 arauak birgogoratzen
Aurreko kanpainetan oso ongi ikasi genituen konpostajearen ezinbesteko hiru arauak. Baina aurtengo kanpainan ere ez dator gaizki hauek birgogoratzea.

Lehen araua eta nahiko garrantzi gutxi ematen diogun arren, oinarrizkoa da zati txikiakbotatzea konpostagailura. Konpostagailura doan materia organikoa zenbat eta txikiago izan, orduan eta errazago eta azkarrago konpostatuko da, konpostagailua betetzea ekidinez eta bestelako arazoak saihestuz.

Bestalde, konpostajea ezin da ulertu materia egituratzaile gabe. Ezinbestekoa da etxeko biohondakinek konpostagailura eramaten duten hezetasuna materia egituratzailearekin orekatzea eta bide batez barne nahastea lokatz itxurako material heze eta usaintsua ez bihurtzea. Horregatik, konpostagailuaren alboak izan beti materia egituratzailea: Garbiguneko zotz birrinduan, hostoak, txirbila, zerrautsa…

Azkenik,aireztapena dago. Barne nahastea aireztatzea beharrezkoa da usainak ekiditeko eta prozesua azkartzeko. Astean behineko aireztapen on bat gomendatzen den arren, nahi adina airezta daiteke konpostagailua, mankomunitateak konpostagailuarekin batera banatzen duen aireztagailuarekin.

martes, 03 de mayo
KONPOSTATU 2016
Tolosaldeako Mankomunitateak, 4. urtean jarraian konpostajearen aldeko apustua egin du. Materia organikoa da gure zaborren artean pisu portzentaje handiena duena, %40-60, eta hau gutxi balitz, kudeaketa eta garraio arazo handienak ematen dituena.

Materia organiko hau guztia konpostaje bidez kudeatuz, garraio eta kudeaketa kostuak aurreztuko genituzke, eta bide batez ingurumena zainduz, zabor sorrera erdiraino jaitsi eta lehen zaborra zena, kalitate oneko ongarria, konposta, bihurtuz.

Beraz, Tolosaldean bizi bazara eta lorategi edo baratza baduzu, egin apustu autokonpostajean. Konpostagailu bat oparituko dizugu, etxean muntatuko dizugu eta berau erabiltzeko oinarrizko azalpenak emango dizkizugu. Lorategi edo baratzik ez baduzu berriz, eman izena zure herriko auzokonpostagune batean antolatzen diren ikastaroetan, edo eskatu zeuk ikastaro bat, eta izan auzokonpostaria.

Konpostagailua bezalako gailu sinple batekin, aldaketa konplexuak eragin ditzazkegu. Konpostatu!!!

miércoles, 02 de septiembre
OPORRETATIK BUELTAN
Erabiltzaile askoren beldurra da opor egunetan inolako kasurik egin gabe egongo den konpostagailuaren egoera. Behin eta berriz aipatzen dugu, konpostagailu guztiek mantentze erregular bat behar dutela, baina zer gertatzen da denboraldi batez etxetik kanpo

Aportazio erregular bat dagoen konpostagailuek, mantenu erregular bat behar dute, baina aportaziorik gabeko konpostagailuetan ez dago zertan mantentzerik egin beharrik. Oporretara bagoaz, ez dugu ezer botako konpostagailura, beraz ez dago materia organikorik, behin aurrez zegoen materia organiko guztia konpostatzen denean, prozesua geratu egingo da eta horregatik ez da beharrezkoa mantentzerik egitea.

Hala ere, oporretara joan aurreko egunean konpostagailura botatzen dugun materia organikoa bertan meta daiteke, materia organiko hau bere kabuz konpostatuko da eta agian, aireztapenik ez dagoenez, usain apur bat bota dezake, baina behin denbora bat pasa ondoren eta deskonposizio maila bat lortzen duenean ez du jada usainik igorriko. Beraz, saiatu oporretara joan bezperan, ahal den biohondakin gutxien botatzen konpostagailura eta behin etxera bueltatzen garenean, aireztapen on bat eman eta egituratzaile apur bat nahastea ez legoke gaizki. Berriro biohondakinak botatzen hasten garenean, segituan aktibatuko da.

martes, 21 de julio
IÑURRIAK KONPOSTAGAILUAN
Gure konpostagailura etortzen diren xomorroetako bat dugu inurria. Batzuetan ale gutxi eta besteetan benetako kolonia handiak osatzen dituztelarik.

Hasieran talde txikietan gerturatzen dira, esploratzaile moduan. Behin gure konpostagailu barruko materialen kalitatea ona bada eta lekua segurua bada, konpostagailua kolonizatuko dute. Konpostagailu bat kolonizatzean, kolonia bat sortzen dute, arrautzak erruten hasiko den erregina batekin. Sasoi honetan populazio oso handia egiten da eta erraz ikusten da kolonia osoa konpostagailua aireztatzean.

Iñurriek nahiago dituzte lehorrak dauden konpostagailuak, eta sarritan material egituratzaile bilgunean ere topatu izan dira. Ez dituzte atsegin ongi aireztaturiko konpostagailuak, aireztatzean barrenean egiten dituzten galeriak apurtzen baitira. horrez gain, inurriak oso lurraldekoiak dira eta konpostagailu barneko beste xomorroei tokia kentzen die, konpostagailuko biodibertsitatea jaitsiz. Beraz ez dira oso bisitari onak gure konpostagailurako. Zuen konpostagailuan inurrien presentzia atzematen baduzue, aireztatu ongi. ostean inurri gehiago agertzen hasten bada eta tartean arroz itxurako egiturak ikusten badituzue, inurri kolonia bat duzu konpostagailuan, arrautzak ipintzen ari dena. Kolonia hau suntsitzeko, aireztatu egunero aste oso batean zehar eta segituan desagertuko dira.

jueves, 18 de junio
HEZETASUNA
Konpostaje prozesuko gakoa da barne-nahasteak hezetasun egokia izatea. Zoritxarrez, inguruko faktore ugari daude hezetasun hau aldatzen dutenak eta gure konpostaje prozesuan eragin dezaketenak: euria, beroa, biohondakin motak…

Gure konpostagailuan hezetasun handiegi bada, barne nahastearen poroak urez betetzen dira, aire-poroak desagerraraziz eta airerik gabe utziz barrena, honek, usain txarra duten produktuen sorrera ekar dezake. Hezetasun urriegi bada berriz, mikroorganismoak garatzeko inguru egokirik ez da sortzen eta ondorioz aktibitatea geratu egin daiteke konpostagailuko tenperatura jaitsiz.




 

 

Hezetasuna kontrolatzeko modu bat biohondakin fresko (fruta, barazki, haragi-arrain…) eta lehorren artean (belar lehorra hostoak…) oreka bat mantentzea da, egoeraren arabera bat edo bestea gehituz. Aireztatzea ere, hezetasuna kontrolatzeko modu bat da, hezetasuna orekatzen baitu ur-lurruna atmosferara isuriz.


 

miércoles, 06 de mayo
Aireztatze aktiboa eta pasiboa
Gure konpostagailuari adi begiratzen badiogu, alboetan zulotxoak dituela konturatuko gara. Zulo hauek aireztapen pasiboa burutzeko eginak daude, aireztatze prozesuaren lagungarri.

Konpostagailu barruko aire beroa, barne tenperaturak berotua, gorantz joaten den heinean, alboko zuloetatik kanpoko airea sartzen da gorantz joan den aire beroak betetzen zuen lekua ordezkatuz. Aire mugimendu honek, korronte arin bat sortzen du konpostagailu barrenean. Etengabeko aire korronte honek, barne nahasteko airea mugitzen du, eta ondorioz, oxigenoa zoko guztietara sartzen laguntzen du. Beroaren eraginez, berez egiten den aireztapen honi, aireztatze pasiboa deritzo, aldiz aireztagailuarekin burutzen dugunari aireztatze aktiboa deritzo.

Nahiz eta aireztapen pasiboak bere garrantzia eduki, ez du sekula aireztapen aktiboa ordezkatu behar, aireztagailuaren erabilpena guztiz beharrezkoa baitugu gure konpostagailuan usain txarrak eta gehiegizko hezetasuna ekiditeko. Beraz, gutxienez astean behin aireztapen aktiboa guztiz gomendagarria da gure konpostagailuan.

1 | 2 | 3 | 4 | 5 | >>